
Oparoa da euskal prentsa digitala, ordezkatzen dugun herriaren tamainari erreparatuz gero, oso oparoa dela esatera ere ausartuko nintzateke. Baina nahiz eta beti esan denok elkar ezagutzen dugula, kontsumitzaileak sortzaile ere badirela, ziur zuk ez duzula Gustaveko koadernoak izeneko saiakera webgunea ezagutzen. Ezetz? Aukera ezin hobea ezagutzeko, hilabete honetan nafarrak eraman baitituzte plazaren erdira.
Gustaveko koadernoak, saiakera web-gune bat da, euskaraz argitaratzen den saiakera hedabide bakarrenetakoa dela esango nuke. Zarautzen sortu zen, besteak beste, Etxeberria anaien eta Xabier Etxaberen eskutik eta makina bat euskal intelektualek idatzi dute bertan; hala nola, Ludeger Meesek, Anjel Lertxundik, Aizpea Zubiak, Patxi Zabaleta, Pello Esnalek, Xabier Mendiguren Elizegik, Santi Leonek eta Carlos Rivelek. (besteak beste)
Gai ugari jorratu dituzte eta nago oraindik bertan idatzitakoak ez direla iritsi euskal irakurlegoarengana. Ez da nahi hainako zabalkuntza eta hedapena eman, ez behintzat proiektu honek merezi duen hainakoa. Ea hau irakurri ostean animatzen zareten eta http://www.gustav-koadernoak.com estekan klikatzen duzuen eta ekimen hau ezagutzen duzuen.
Hilabete honetan nafarrak plazara
Arragoa, anaia zaharra edo eta behinolako reynoa, gure mundutxoaren eguneroko tertulietan eztabaida askoren gai eta eztabaidagune da Nafarroa. Historiatik hasi, euskara eta euskal kultur adierazpenekin segi eta, erremediorik gabe, politikagintzaren demalekuan bukatu arte, sarritan izaten dugu Nafarroa ahotan.
Honako ale honetan, Nafarroa ahotan izatetik, ahotsa ematera pasa nahi izan dute Gustavekoek. Horretarako, arlo eta molde ezberdineko lau egile nafarren lanak bildu dituzte saiakera web-gunean, bakoitzak bere esparrutik, Nafarroa den abesbatza anitz horren ahots berezi bat ematen dutenak:
Castillo Suarez: “Trapezista izan nahi dut” ; idaztera bultzatzen duten arrazoiez eta idazlearen paperaz hausnartzen duen saiakera zorrotz eta intimista.
Patziku Perurena: “Akola”; filologiaren esparru akademikotik abiatuta euskal izana euskal izenen ahozko lekukotzetan bilatzen du Goizuetako idazleak.
Patxi Zabaleta: “Nafarroako historiaren zama”; politikari eta idazle leitzarrak esaera zaharra aintzat hartu du gogoeta hau egiteko: atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu.
Santi Leoné: “Erre zirenei”; nazien basakeriaren biktima izandako emakume nafar baten istorioa ekartzen digu gogora.



Eskerrik asko, Oier. Irakurriak nituen artikulu batzuk, Gustav-etik hartuak. Baina gauzatxo bat, Nafarroa Garaiko idazle horien artean Santi Leoné ez da nabarrista eta nik esango nuke ia guztiak abertzale klasikoak direla (Patxi kenduta, agian). Nabarrismoak suposatzen du gure terminologia aldatzea eta lau horiek ez dute erabiltzen gure terminologia, Iñaki Perurenak eta beste batzuek egiten duten moduan. Abertzalismotik nabarrismora pasatzeak EAE NAFARROA ere badela esatea dakar ezinbestez. Abertzaleek beti lez segitzen dute: Nafarroa Euskadi edo Euskal Herria dela aldarrikatzen dute. Guk kontrakoa: Euskadi (baita Euskal Herri kontzeptu geografikoa ere) Nafarroa da. Gure aldaketa horretan datza. Abertzaleentzat NAFARRAK DIRENAK, guretzat GOINAFARRAK dira. Baina horrek ez du kentzen zarauztarren meritua, jakina. Zorionak.
ResponElimina