dissabte, 13 de març del 2010

Jon Anza kasua: hipotesien itsasoan itotzen



Antzaren kasua geroz eta ilunagoa, narratsagoa, bihurtzen ari da Tolosan aurkitu zutenetik. Sortu diren hutsune misteriotsuak, zalantza ulertezinak eta galdera zentzudunak, hipotesien itsaso bat eragin dute denon buruetan. Zer gertatu da Jon Anzarekin?

1-Dei bat. “Señor la hemos cagao…” eta hortik datorren buztan luzea, ezkutuko diplomazia eta frantsesen kolaborazioa. Kazetari batzuen ikerketa, liburua argitaratuta eta Liberation egunkariaren erreportajea… eta honek dakarren buztan luzea. Frantsesak atzerabota dira agian, eta horregatik, halako batean, gorpua agertu da “inork begiratu ez zuen” lekuan. “Señor la hemos cagao…”, berriz ere (…)JARRAI IRAKURTZEN

dimarts, 26 de gener del 2010

Hilabete honetan nafarrak plazara





Oparoa da euskal prentsa digitala, ordezkatzen dugun herriaren tamainari erreparatuz gero, oso oparoa dela esatera ere ausartuko nintzateke. Baina nahiz eta beti esan denok elkar ezagutzen dugula, kontsumitzaileak sortzaile ere badirela, ziur zuk ez duzula Gustaveko koadernoak izeneko saiakera webgunea ezagutzen. Ezetz? Aukera ezin hobea ezagutzeko, hilabete honetan nafarrak eraman baitituzte plazaren erdira.


Gustaveko koadernoak, saiakera web-gune bat da, euskaraz argitaratzen den saiakera hedabide bakarrenetakoa dela esango nuke. Zarautzen sortu zen, besteak beste, Etxeberria anaien eta Xabier Etxaberen eskutik eta makina bat euskal intelektualek idatzi dute bertan; hala nola, Ludeger Meesek, Anjel Lertxundik, Aizpea Zubiak, Patxi Zabaleta, Pello Esnalek, Xabier Mendiguren Elizegik, Santi Leonek eta Carlos Rivelek. (besteak beste)

Gai ugari jorratu dituzte eta nago oraindik bertan idatzitakoak ez direla iritsi euskal irakurlegoarengana. Ez da nahi hainako zabalkuntza eta hedapena eman, ez behintzat proiektu honek merezi duen hainakoa. Ea hau irakurri ostean animatzen zareten eta http://www.gustav-koadernoak.com estekan klikatzen duzuen eta ekimen hau ezagutzen duzuen.

Hilabete honetan nafarrak plazara


Arragoa, anaia zaharra edo eta behinolako reynoa, gure mundutxoaren eguneroko tertulietan eztabaida askoren gai eta eztabaidagune da Nafarroa. Historiatik hasi, euskara eta euskal kultur adierazpenekin segi eta, erremediorik gabe, politikagintzaren demalekuan bukatu arte, sarritan izaten dugu Nafarroa ahotan.

Honako ale honetan, Nafarroa ahotan izatetik, ahotsa ematera pasa nahi izan dute Gustavekoek. Horretarako, arlo eta molde ezberdineko lau egile nafarren lanak bildu dituzte saiakera web-gunean, bakoitzak bere esparrutik, Nafarroa den abesbatza anitz horren ahots berezi bat ematen dutenak:


Castillo Suarez: “Trapezista izan nahi dut”
; idaztera bultzatzen duten arrazoiez eta idazlearen paperaz hausnartzen duen saiakera zorrotz eta intimista.


Patziku Perurena: “Akola”; filologiaren esparru akademikotik abiatuta euskal izana euskal izenen ahozko lekukotzetan bilatzen du Goizuetako idazleak.

Patxi Zabaleta: “Nafarroako historiaren zama”; politikari eta idazle leitzarrak esaera zaharra aintzat hartu du gogoeta hau egiteko: atzeak erakusten du aurrea nola dantzatu.

Santi Leoné: “Erre zirenei”; nazien basakeriaren biktima izandako emakume nafar baten istorioa ekartzen digu gogora.

dissabte, 9 de gener del 2010

Albert Camusen errebeldia (Jon Benito, Zuzeu)


Urtarrilaren 4an bete ziren 50 urte Albert Camus bere autoan zihola hil zela. Egunkariek, astelehenez, Aljerian jaiotako idazle eta pentsalariaren atzera begirakoak egin zituzten, idazle bezala batetik eta pentsalari bezala bestetik izan zuen garrantzia azpimarratuz. Nire aldetik, Albert Camusengandik gustukoen dudan liburua oso gutxitan aipatu denaren inpresioa dut. L'homme révolté 1951n argitaratu zuen, eta haren hastapenaren ataltxo bat itzuli dut, inork irakurri nahiko balu.



“Zer da pertsona errebelde bat? Ezetz esaten duena. Baina ezetz badio, ez dio uko egiten: bere lehen mugimendutik baietz esaten duen pertsona bat da. Bizian zehar aginduak jaso dituen esklabu batek, bat batean ez du onartzen lege berri bat. Zein da “ez” horren edukia? Esan nahi du, adibidez, “gauzek denbora gehiegiz iraun dute”, “orain arte bai; aurrerantzean ez”, “urrunegi zoaz” edota “gaindituko ez duzuen muga bat dago”. Azkenean, “ez” hori muga baten aitortza da. Mugaren kontzeptua berriz agertzen da, eskubide batek beste eskubide bati aurre egin eta hura mugatzen duenean. Horrela, errebelio mugimendua onargarria ez den intrusio baten erabateko ukoan eta eskubide “on” baten ziurtasunean oinarritzen da. Zehatzago esateko, “honetarako eskubidea dut” adierazteko inpresio errebeldean. Errebeldia, norberak, nolabait, arrazoia izateari lotua dago. Hori da errebelatzen den esklabuak aldiberean dioena, bai eta ez. Mugarekin, susmatzen duena eta mugatik honuntzakoa banantzen ditu. Bere baitan “merezi duen” eta zaindu beharreko zerbait badena erakusten du temati. Nolabait adierazteko, zanpatzen duen ordenuari onartu ezin denaz gaindi ez zanpatzeko eskubide bat kontrajartzen dio. Aldi berean, “bestea” ukatzen eta gorrotatzen den bezala, errebelio orotan norberarenganako lotura oso edo zatikako bat ere nozitzen da.”

Errebeldiaren azterketa

Liburu honetan, Camusek, ikusten denez, errebeldiaz hitz egiten du, historian pertsona jainkoen edota ugazaben aurka zergatik errebelatu den argudiatuz. Askatasunaren izenean eman daitezkeen tiranien aurka, pertsona kritiko, humanista eta askatzailea mugiarazten duen espirituaren errebelio konstante eta etenik gabea proposatzen du. Liburuaren amaieran, marxismoaren aurkako eta anarkismoaren aldeko alegato batekin amaitzen du, honen etika eta arrazionaltasuna azalduz.


Albert Camusen errebeldia (Jon Benito Zuzeu)